XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konsumo gizartea dala-ta

Gaurko gizarteari konsumo gizarte izena ezarri zaio.

Gauzak alik eta ugarien sortu ta aldi berean alik eta geien konsumidu.

Gaurko gizartearen elburua auxe dala omen dirudi; sortu ta andeatu, sortu ta konsumidu etengabe.

Ez nijoa dioten au osorik ukatzera, baiña itz jokoa ere badagola emen esango nuke.

Aldi bakoitzak bere itz ta iritxiak izaten ditu ta kontu ontan ere, loritoen ezergiña beteaz, danak itz berak aizetzen dabiltz.

Konsumo gizartea benetan modako egin dan itza da.

Gizadia, alik eta erosoen bizi naikoa izan da len orain ta beti.

Erlegioaren kezkak eraginda basamortu edo komentuetara joten zutenak kenduta ongi bizitzea atsegin izan zaio gizadiari.

Mendeak dira bizimodu obe baten billa itsaso zabala ala-ola igarota Ameriketa`ra jendea saillean joaten asi zala.

Kontu ontan, bada, len eta orain ez dago alde aundirik.

Aldea beste ontan dago: Zera... asko aurreratu dala mundua, gizonak edozertatik gaiñezka sortzen duala; ta ugaritasun onekin gero ta jende geiago baliatzen dala.

Munduaren aurreratzea era guzietara da: Gizona illargira eldu da ta an saltoka ibilli, sendakintzan gauza arrigarriak egin dira, kultura gero ta zabalago dijoa erri jende artean.

Ta era berean gizonari bizitza erosotzen dion tresnak ere egokitu ta ugaritu egin ditu aurrerabide onek.

Gizarteak, tresna ta enparau gauzen sortzalle diran lantegietako nagusien danbor otsera dantzan egiten omen du.

Sortzen dituzten gauzak bearreko dituala erriari sinistuazoten omen diote zabalkunde bidez.

Onek ere badu bere arrazoia baiña guzia egia danik ezin esan dezaket.

Bearrekoa ez dan zebait erostera zabalkundeak jendea bultzatu lezake, baiña au gutxitan gertatzen da.

Saltzeko jartzen diran gauzak beti daukate alderdi onen bat, zabalkunde gabe ere berez izaten dira saldugarri.

Edo lana kentzeko izaten dira, edo apaingarriak, edo atsegiña ematekoak edo beste zerbait on badute.

Begiratu dezagun gure etxeetara.

Len ez zegoan ez erropa garbitzekorik, ez frigorifikarik, ez butanorik ta ez beste gaurko milla tresna.

Ta bizi giñan.

Beraz tresnok ez dirala bearreko esan liteke.

Baiña bizitzeko bearrekoak ez badira ere bai mesedegarriak, etxekoandreen lanak ederki erreztuten dutenak.

Zabalkundeagatik geiago saltzen dirala? Izan liteke.

Baiña ala balitz, zabalkundeari esker tresna oiek ezagutu baditugu, berari esker onekoak izan bear gerala esango nuke, eman digun argitasunez bizitza erosotu digulako.

Gure etxekoandreeri galdetu bear genioke tresna oiek erosi araziaz zabalkundeak ziririk sartu dien ala ez.

Konsumo gizarte izena jarri dioten oneri muker begiratzen diote mundua obetu naiean lanean ari diran zenbait jakintsuk, langille jendearen ona billatzen ari, diran soziologok.

Auxe bai dala ulertu eziña!.

Munduko aurrerabidea beartsu edo langille jendearentzat izan da geien bat, gure onerako.

Munduan aberatsak gutxi dira beartsuen ondoan eta tresna asko egin ta asko saltzen bada langilleen etxetarako dirala geienak ukatu eziña da.

Aberatsak bakarrik izan balira tresnon erosleak, ez zan orain besteko saldu erosirik izango ta gaurko gizarteari konsumo gizarte izenik ez zitzaion jarriko, ez zitzaion izen ori egokituko-ta.

Aberatsak oraingo aurrerabide gabe ere ongi bizi ziran.

Orain milla edo bi milla urte ere aundikiak jauregi ederretan aukera guziekin bizi ziran, gozo-gozo.

Aundiki andreak labadorarik ez zanean ere eskurik ez zuten bustiko lixiba egiten eta ezta izerdirik bota ere etxe solairuari dirdira ematen.

Bi neskame gutxi baziran, iru edo lau eukiko zituzten.

Argi dago bada aurrerabideak sortu duan ugaritasunarekin langille jendea irabazten atera dana.

Zergatik orduan txartzat eman bear degu konsumo gizarte izenez ezagutzen dan gure egunotako gizarte au? Langilleok beti mixeriz bizi bear al degu?.

Egia, gaurko gizarteak akatsak ugari dauka.

Munduko alderdirik geienetan premia gorrian aurkitzen diralarik zenbait tokitan eta zenbaitek ikaragarrizko diru ondatzeak egiten dituzte arrokeriz ta lasaikeriz.

Au gure indar guziarekin gaiztetzen degu.

Baiña onek ez du esan nai, augatik, konsumo gizartea izena batzuek jarri dioten ta langille pamiliari erosotasuna dakarren ugaritasunari gaizki begiratu bear diogunik.

Aurrerabidea (progresua, edo desarrollua edo nai diozuten bezela deitu) ta ugaritasuna bat dira edo ia bat.

Konsumo gai ugaritasunik ez dagon tokietan era guzietara daude atzeratuak.

Beraz aurrerabidearen aurka ez bagaude konsumo gai ugaritasunaren aurka ere ezin egon gaitezke.

Ez, aurrerabideari ez zaio langarik jarri bear, gauza ugaritasuna gero ta zabalago izan dedilla.

Mundurik geienarentzat ez dago ez zoritxarrez ugaritasunik, mixeria ta gosea baiño.

Afrika, Asia, ta Ego Ameriketa`n obe lukete konsumo gizartea balukete, gose gutxiago izan, itxurago jantzi, etxe obeetan bizi, sendakintza obe batek zaitu ta kultura geiagoren jabe izango bailitzakete.

Kamiñazpi.